- 1 - Liburuetan adierazten dituzun ibilbide guztiak zeuk egiten al dituzu?
-
Duela hogeita hamar urte inguru hasi nintzen Pirinioetako mendietara joaten, eta oharrak hartzeaz gain, marrazkiak eta mapa sinpleak ere egiten nituen. Horrek guztiak gauzak asko erraztu dizkit ibilbideen eta igoeren deskribapenak egiteko garaian, bide horiek aurrez ibiliak bainituen. Tamalez, denborarekin hainbat bide aldatu egiten dira eta ibilbideak eguneratzen ez badira, zehaztasuna galtzen dute eta, inoiz, okerrreko informazioa ere eman dezakezu. Guztiok ezagutzen ditugu sastraka artean galdu diren zenbait bide eta baita berriki zabaldu dituzten beste batzuk ere. Gizakia dabilen lekuetan horrelakoak gertatzea ohikoa da. Inoiz, gertatu izan da bide balizatuak ere gaizki konpondu eta ez ibiltzeko moduan aurkitzea. Nire lanari dagokionez, hainbat igoera egiteko eta Cuadernos Pirenaicos (Bizkaiko kostaldetik Pirinio katalanetako azken muturreraino) liburuxkak lantzeko zenbait lagunen artean banatzen ditugu eguneratze eta aztertze lanak. Nire adiskide horiek, bakoitza bere herri inguruan bizi dira eta oso lan bikaina egiten didate. Dena dela, nire web orria bisitatzen dutenak ohartuko dira gonbidapen bat luzatzen diedala, beren oharrak eta iritziak adieraz diezazkidaten. Horrela, pixkanaka, ibilbideak eta mapak hobetzen joan gaitezke.
- 2 - Zein da zure mendirik kuttunena?
-
Egia esan behar badut, gehiena hunkitu nauten mendiak Sestoko Dolomitetakoak dira: Paternoi, Croda dei Toni, Pelomo… Zoragarriak dira bai beren edertasunagatik, eta baita beren ibilbideengatik ere. Bihotzarekin hitz egin behar banu, berriz, hemen ingurukoak maite ditut gehiena, erdi mailako mendiak: Aiako Harria eta Anboto Euskal Herrian, Lescuneko zirkua Biarnon, Peña Montañesa Aragoin, Puech de Bugarach Auden edota Puigsacalm Katalunian. Gisa horretako mendiak gustatzen zaizkit, azterketa sakonak egin ahal izateko, bide arruntetatik atera eta pasabide abandonaturen bat edota arkeologi aztarnaren bat topatzeko aukera ematen dutenak.
- 3 - Zure argazkietako koloreak berezkoak al dira?
-
Argazkiak ateratzeko iragazki edo filtro polaritzaile bat erabiltzen dut, brumaren efektua kentzeko, hala nahi izanez gero, behintzat. Koloreari bizitasun gehiago ematen zaio eta zeruaren, basoen eta zelaien kontrastea ere bizitu egiten da. Jakina, brumari estetika ukitua eman nahi zaionean, ez da iragazkirik erabiltzen. Diapositibaren irudia libururatzea ez da zientzia zehatza. Emaitzaren ardura fotomekanikako teknikoarena da, inorena bada. Hala ere, inprentak ere badu zer ikusirik, azken finean hor zaindu behar baitute tirada osoko lau tinten oreka. Eta hori guztia, paperaren kalitatea aparte utzita, kontraste arloan eragin handia izan baitezake horerk ere. Koloreari dagokionez, salbuespenak salbuespen, gehienetan berezko koloreak galdu egiten du prozesu horretan.
Arteari buruzko liburuak argitaratzen dituen argitaletxe (hauek dira garestienak) batek fotomekanikako frogak nahi adina aldiz errepikarazi ditzake, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko. Baina gure kasuan, lehenengo emaitzarekin konformatu behar izaten dugu, nahiz eta oker ateratzen diren argazkiak berriro ateratzera bidaltzen ditugun.
- 4 - Zure mapak, benetan al dira 3D sisteman landuak?
-
Jakina, nik mapak hiru dimentsiotan lantzen ditut, zenbakizko datuetatik (DEM edo MINT) abiatuta. Bestela, sestra-kurbetan oinarrituz egiten ditut eskuz eta banaka-banaka marraztuz, ondoren grisen eskalara bihurtzeko. 3D programak erliebeko mapa baterako behar diren datuak interpretatzeko gaitasuna du.
- 5 - Zenbakizko datuak (DEM edo MINT) garestiak al dira?
- DEM erakoak bat baino gehiago daude. NASArenak (USGS) doan dira, baina bereizmen txikikoak dira eta ez dira egokiak, herrialde oso bat adierazteko ez bada (1:1.000.000 eskala)
http://edcdaac.usgs.gov/gtopo30/gtopo30.html.
SPOT satelitearen irudiek izugarrizko kalitatea dute, golf zelai bat edo hiri bat bezalako guneak erreproduzitzeko garaian, baina oso garestiak dira. IGN erakundeetako irudiak erdi mailako kalitatea dute, baina hartzen duten hedadura eskaserako nahiko garestiak dira.
http://www.icc.es/
- 6 - Zer onura dute 3D sistemako datu horiek?
-
Mendien irudiak bolumenean hartu ahal izateak paisaia (edo mapa) erliebeko itzalen bidez ikustea ahalbidetzen du. Eta hori edozein ikuspuntutatik hartuta, bai ikuspegi bertikaletan (ohiko mapen kasua da hau), bai ikuspegi zeiharretan (aireko ikuspegia eskaintzen du, azkena argitaratu ditugun mapen atzealdean ikus daitekeen bezala). Gero, mapan lortutako ikuspegia itxuraldatzeko, 2Dko marrazki programa bektorial batekin irudiak (bideak, ibaiak, etxeak) eta testuak gehitu behar dizkiogu.
- 7 - Sestra-kurbak bolumenera aldatzean, isurialde erregularra lortu beharrean, ez al zaizkizu eskailera-maila batzuk ateratzen?
-
Jakina, horixe gertatzen zaigu, adibide honetan ikus dezakezun bezala. Eskailera hauek leuntzea ez da beti lan erraza izaten. Oso garestiak diren programa batzuen bidez lor daiteke, baina, azken finean, emaitzen kalitatea marrazteko gai zaren sestra-kurben kopuruaren araberakoa da. Niri dagokidanez, kurben arteko tartea 25 metrokoa izatea nahikoa dela iruditzen zait, 1:50.000 eskalako mapa baterako. Gero xehetasunei ukitu batzuk eman behar izaten zaizkie Photoshop bidez.
- 8 - Nola marrazten dituzu lurreko xehetasunak mapetan?
- Mapak hartzen duen eremuko aireko argazkien bidez baliatzen naiz. Geografi institutuek argazkiak (hegaldiak) nahiko prezio onean saltzen dituzte. Argazki horiek, programa berezi baten bidez, irudi luzatuak eta desitxuratuak adierazten dituzte, gero mapetan ibaien ibilguetara eta mendi gailurretara egokitu daitezen. Orduan hasten naiz maparen xehetasunak marrazten, eskuz, paleta grafikoarekin eta estereoskopioaren laguntzaz, hor irudi bikoitza ikusiz erliebea oso zehatz ikus baitaiteke. Estereoskopioa tresna xumea da eta bi lente bikiren bidez argazkietako irudiak oso garbi eta xehetasun handiz ikusten dira, hesiak eta zelaian lotan dauden behiak, esaterako.
http://www.ign.fr/fr/GP/photaer/
- 9 - Nola egiten dituzu 360 gradutako argazki panoramikoak?
-
Lehendabizi mendigailur batera igo behar da eguraldi garbiko egun batean, goizeko hamaikak aldera.
Burbuiladun tripodea behar da, ateratzea nahi dituzun 12-24 argazkiak maila berean lerrokatuta atera daitezen.
Esposizio automatikoa blokatu egin behar da, argazki guztiek argi maila bera (erdi mailakoa) izan dezaten. Horretarako zenbakizko kamera da egokiena, irekidura erraz kontrola baitaiteke.
Argazki muntatzea ordenagailuz egiten da, irudi bakarra eta zabal-zabala osatuz. Lehen planoek irudi luzatuak adierazten dituzte, urrutiko planoak, aldiz, ahalik eta zehatzen moldatu behar dira. Kontraste eta kolore arloetako aldeak, berez, automatikoki berdindu beharko lirateke stitching izeneko programa baten bidez.
Azkenik, ukitu batzuk eman behar izaten dira eskuz (paleta grafikoarekin), planoen irudiak hobetzeko eta argazkien loturetako xehetasunak zuzentzeko.
Esan beharrik ez dago, emaitza egokia lortzea inork uste baino zailagoa dela.
|